Natura, mendia, zuhaitzak, gurutzea, aterpea, artzaiak, Belar, Duru, Gorgomendi, Arantzazu... ______________________________________________________

2010(e)ko otsailaren 14(a), igandea

7- KONPONKETA LANAK


7.1 - 2010eko KONPONKETA LANAK
7.1.1- 2010eko BAIMENAK
A) ESKAERA
Alkate Udalburu Jauna:
Aloña Lagunak Taldeak hauxe azaltzen du: Aloñako gurutzearen eta txabolako konponketak egiteko baimena eta behar diren materialen eskaera egitera gatozkizu. Horretarako...
Oñatin, 2009ko abenduaren 10a
Koordinatzailea
**********
B) BAIMENA
Udal Tokiko Gobernu Batzarrak 2009ko abenduaren 10ean egindako bileran, besteak beste, ondorengo erabakia hartu zuen:
Iñazio Irizar Etxeberia jaunak Aloña Lagunak elkartearen izenean zera azaldu du: 2010eko udaberrian Aloñako gurutzean eta aterpean mantentze eta margotze lanak egiteko asmoa dutela.
Margoak eta materiala erosteko 450 euroko dirulaguntza eskatzen dute.
Gaia aztertu ondoren, eta Nekazaritza zein hazienda Batzordeen irizpenak aldekoak direla kontuan hartuz, Tokiko Gobernu Batzarrak Irizar jaunaren laguntza eskaera onartzea erabaki du, honako baldintzapean:
- Dirulaguntza gehienez 450 eurotakoa izango da.
- Margotze-lanak elkarteko kideek egin beharko dituzte.
- Dirulaguntza jaso ahal izateko, aldez aurretik fakturak aurkeztu beharko dituzte.
Oñati, 2009ko abenduaren 18an.
Idazkariak
.
-----------------
7.1.2- 2010ean EGINDAKO LANAK
.
.
-------------

7.2 - 2001eko KONPONKETA LANAK
7.2.1- 2001eko BAIMENAK
***********
A) ESKAERA
Alkate Udalburu Jauna:
Aloñako Gurutzearen Lagunak Taldeak hauxe azaltzen du: Aloñako gurutzearen eta txabolako konponketak egiteko baimena eta behar diren materialen eskaera egitera gatozkizu. Horretarako...
Oñatin, 2001eko otsailaren 16an
Koordinatzailea
**********
B) 1. BAIMENA
Udal Gobernu Batzordeak 2001eko martxoaren 8an egindako bileran, besteak beste, ondorengo erabakia hartu zuen:
Aloñako Gurutzearen Taldearen izenean Pedro Zabala Biain jaunak gurutzea eta bertan dagoen txabola konpontzeko Udalaren laguntza eskatu du.
Udalaren lurretan eraikita dagoen txabola lehen Segura Irratiak erabilitakoa da, eta egun mendizaleen babesleku gisa erabiltzen da.
Gaia aztertu ondoren eta Hazienda eta Nekazaritza Batzordeen irizpenak kontuan hartuta, Gobernu Batzordeak ondorengo laguntza proposamena onartzea erabaki du, bertan aipatzen den baldintzapean:
- Eraberritze lanetarako beharko den area eta porlana Udalak ordainduko ditu, horretarako dagokion faktura aurkeztu beharko diotelarik.
- Eraberritze lanetan parte hartuko duen ofizialaren lan-orduak Udalak ordainduko ditu. Kasu honetan ere, Udalari dagokion faktura aurkeztu beharko zaio.
Baldintza: Udalaren jabetzako txabolak egungo erabilerarekin jarraitu beharko du, hau da, mendizale eta artzaien gordeleku izaten, eta horretarako atea beti irekita eduki beharko du.
Oñatin, 2001eko martxoaren 16an
Idazkaria
************
C) 2. BAIMENA
Udal Gobernu Batzordeak 2001eko martxoaren 29an egindako bileran, besteak beste, ondorengo erabakia hartu zuen:
Aloñako Gurutzearen Batzordeari dirulaguntza.
Aloñako Gurutzearen mendeurrenaren inguruan antolatuko diren ekintzen artean argitalpen bat egingo dela adierazi digu Aloñako Gurutzearen Batzordeak, eta horretarako Udalaren laguntza eskatu du.
Gaia aztertu ondoren eta Kultura zein Hazienda Batzordeen irizpenak aldekoak direla kontuan hartuz, Gobernu Batzordeak 250.000 pztako dirulaguntza ematea erabaki du (1go zatia) honako baldintza ezarriz:
- Dirulaguntzaren erabilera justifikatuko duen gastuen likiazioa eta agiriak aurkeztu beharko dituzte.
Oñati, 2001eko apirilaren 6an
Idazkaria
.
.--------------

7.2.2- 2001ean EGINDAKO LANAK
1- Pintura antioxidatzailea eman zitzaion burdinurtuko gurutze zaharrari, azalera guztian, estaltze babesle lana betetzeko.

2- Gurutzearen balantza eta biraketa zuzentzeko, piezak bata bestean ahokatuta dauden lekuetan, altzairu herdoilgaitzezko hogei kabila sartu ziren, taladroarekin berriro zuloa eginaz, aurreko burdinazko torlojoak ordezkatzeko, hauek mugiarazterik ez baitzegoen.

3- Goiko muturretik hasita, forratu egin zen, eta hutsunean geratzen ziren lekuetan poliuretanoko aparra sartu.

4- Piezak eta erremate zein zirrikitu guztiak soldatu ziren. Soldatzeko teknika TIG erakoa da, ekarpen hagatxoaren muturrean tugsteno daramana. Gurutzearen oinarriko itxitura apaingarria berriz, burdinazko soldadura elektrodo arruntekin egin zen.

5- Soldaduretan, hasiera batean altzairua baino ilunago geratzen denez, azido klorhidrikoa ematen da. Jelatina desugertailearen lana betetzen du, eta guztiak kolore bertsua hartzea ahalbidetzen du.

6- Azkenean, eta makinen bidez berdintasun ona lortzea nekeza denez, eskuz, espartzuz eta urez garbitzen da gurutze osoa, pazientzi handiz.

- Gurutzea estaltzeko erabili den altzairu herdoilgaitzezkoa merkatuan daudenen artean kalitate onenetakoa da, AISI-316 erreferentziakoa hain zuzen.

- Altzairu herdoilgaitzezkoa luzaro irauteko egina da, eta ez du mantenurik eskatzen.

- Gurutzearen oinean dagoen mendeurreneko plaka berria ere altzairu herdoilgaitzezkoa da, beste biek burdinazkoak izan arren. Letramoldeak belztu ahal izateko, pintura erabili beharrean produktu kimiko batekin erasotzen dira, kolorea erabat ilunduz.

- Oxinurdinen kokatuta dagoen Aloña S.L. galdaragintza enpresa arduratu da gurutzea estaltzeko lanak burutzen. Bertako galdaragileak diren German Muruamendiaraz bergararra eta Iban Romero Zumarragarra aritu ziren tailerrrean eta gurutzera igota lanean. Gurutze bat estaltzen zuten estreinako aldia izan zen.

- Aldamioak Ulma Eraikuntza Koop.E. enpresakoak ziren eta ekainean ipini ziren lehen aldiz, gurutzea aztertzeko eta neurriak hartzeko. Uztail amaieran desmuntatu egin ziren, lan taldekoak ez zeudenean ere jendeak goraino igotzen zuelako eta arriskua ekiditeko. Udako oporrak iraganda, irailaren 1ean muntatu zuten berriro auzolanean lau gazte boluntariok.

- Gurutzearen estaltze lanak eguraldiaren arabera egin ziren, eta laburbilduz:

- Bezperan Aitzgain tailerrean kamioia goraino kargatu zuten aurreko egunetan galdaragileak enpresan prestatu zituzten piezak, eta irailaren 7an, ostirala, Andres Osinagak jaso zituen Aloñaraino pieza eta lan-tresna guztiak, goizeko sei eta erdietan irtenda. Galdaragileak Pedro Zabalarekin igo ziren zortzietarako. Lanbroa ari zuenez, dena aterpean gorde eta behera egin zuten.
* Hurrengo astelehenean, irailaren 10ean, atzera igo ziren laurak goizeko zortzietarako, baina ateri egon arren haizea zakarra zebilen, hotza eta nahiko gogorra, eta hala aldamio gainean fundamentozko lanik egiterik ez zegoenez, eguerdirako jaitsi ziren.

* Asteartean Andres Osinagak berriro igo zituen galdaragileak eta Pedro Zabala. Egun bikaina egin zien, eguzkitsua eta beroa. Gurutze gainean kamioien olana ipini zuten eguzkitik babesteko, eta lan egun oparoa izan zen, gurutzeta osoa ipintzeraino iritsi baitziren.

* Asteazken eta ostegunean ere eguraldia lagun izan zuten, eta oinarrizko apaindurako piezaraino dena ia bukatuta utzi zuten. Aterpean prestatzen zuen Pedrok bazkaria hirurentzat. Mendizale eta jubilatu dexenteren bisita izan zuten. Ilunabarrean Andres Osinaga Jeep-arekin bila joan arte aritu ziren lanean.

* Irailaren 14a euritsu argitu zuenez, igo ere ez ziren egin.

* Irailaren 17an, astelehena, berriro ere eguraldi narratsa egin zuen. Galdaragileek Aloña SL. tailerrean falta ziren piezak prestatzen jardun zuten.

* Irailaren 18tik 21eraino eguraldia txukunagoa egin zuen, eta gurutzean lana egin ahal izan zuten tarteka. Estaltze lan oro bukatu zuten, eta soldadurak ia amaituta zeuden irailaren 22an meza egin zenerako. Beheko oinetan euskarriei estaltze txiki batzuk falta zitzaizkien, eta oinarrizko zutabe handiak soldadura pare bat irmotu beharrean zituen soilik. Lanak presa barik egin ziren, ahalik eta kalitate onena lortzeko.

* Irailaren 24, 25 eta 26an itxurazko eguraldia egin zuen, eta bi galdaragileak egunero aritu ziren lanean. Andres Osinagak jasotzen zituen goizean zortzietarako, eta Pedro Zabala goizeko erreleboan zebilenez Cegasan, bazkalostean laguntzera igotzen zen, harik eta Andres zazpi eta erdiak aldera jaisteko bila joan arte.

* Astelehenean, irailaren 24an, soldadura lanak erabat bukatu zituzten, eta lijatzen eta berdinketan hasi ziren. Aloña S.L. tailerreko arduradunak beste lan batzuetarako galdaragile baten premia izan arren, halabeharrez bi ofizialak gurutzera bidaltzeko eskatu zitzaion. Asteazken goizean bi plaka zaharrak eta mendeurreneko berria jarri zituzten, eta lan denak amaituta zeudenez, ilunabarrean tresneria eta lanabes guztiak jaitsi zituzten.

Aldamioak desmontatzea, itxitura borobila altzairu kolorez margotzea, eta gurutze inguruko lurra porlanaz berdintzea besterik ez zen geratzen. Fernando Maiztegik zioen bezala, sei lanegun besterik ez ziren geratzen mendeurrenerako: Sanmigeletako asteburuko bi egunak, Errosario domekako hiru egunak, bezpera eta biharamuna kontutan hartuz gero, eta Pilarika eguna, urriaren 12a. Lana senper eginez betebehar guztiak burutzeko adina denbora, baina beti ere eguraldia lagun izanez gero.

* Irailaren 26ko Aloña Mendiko Elkarteko bilera laburrean, Aloñako lanen egoeraz oso iritzi baikorra zegoen, eta kezka nagusia urriaren 13ko protokoloan biltzen zen, Apezpikua, Juan Zelaia, eta Alkate jaunek baieztatuta baitzeukaten beraien parte hartzea. Bestalde, Mendiko Saileko Euskadi zein Gipuzkoako Federakuntzei gonbidapena luzatzea ontzat eman zuen Orueta Aloña Mendiko Mendi Saileko Lehendakariak. Mta mendeurreneko egun bikaina aurreikusten zen.

* San Migel egunean, irailak 29, Pedro, Fernando eta Jagoba goizeko 7etan igo ziren lanera. Gurutzeko itxitura guztia minioz margotu zuten. Aterpeko hormak ere margotu zituzten, eta baita mahaiak eta jarlekuak. Bazkaria prestatzeko Andres Osinaga igo zen, eta paella ederra oilaskoarekin atondu zien. Aixkomentean egiten zuen legez, hirukoteak harik eta ilundu artean jarraitu zuen lanean.

* Irailaren 30an, San Migel bixamona, goizeko zazpiretan igo ziren Pedro, Fernando eta Joseba, eta beranduxeago izkribugilea. Eguzkiak bete betean jo arren, haize fina zebilen, eta goizean gurutzeko itxituran falta ziren piezak soldatzera joan zirenean Fernando eta Pedro, txamarrak jantzi beharrean aurkitu ziren. Itxituran minio pintura antioxidatzailea ematen bukatu zuten eta hurrengo baterako purpurina emateko utzi, gurutzearen altzairuaren kolore bera izan zezan. Aterpean azken pintura ikutuak eman zituzten, inguruetako hareak eta hondarrak azpikaldeko zulora eramateaz gain.

Domeka zela eta jende mordoxkak igo zuen Aloñara, eta baita batzuk gurutze goraino ere, aldamioak jarrita zeudela aprobetxatuz. Ia denak bazkaltzera etxera itzuli arren, Fernando eta Jagobak bertan jarraitu zuten lanean, bezperan legez, ilundu arteraino.

* Urriaren 6an Oñatin Herri Eguna ospatzen zenez, ez zuen inork igo lanera.

* Urriaren 7an Errosario Domeka izan arren, Fernando eta Pedrok igo zuten lanera goizeko zazpietan. Gurutzeko itxitura zilarrezko purpurinaz margotu zuten, eguzkitsua baina hotza geratu zen jai domeka honetan. Pedro bazkaltzera jaitsi zen arren, Fernando ilundu arte jarraitu zuen han goian. Bestalde eguerdi partean, Andres Osinagak igo zuen kamioiarekin, eta aterpean zeuden amasadora, lanabes, karretila, aldamio, eskailera eta lanerako tresna guztiak kargatu zituzten bien artean.

* Urriaren 8an, Errosario bixamona, Fernandok igo zuen soilik. Egun osoa eman zuen lanean, ilundu arteraino, eta eguzki ederra egin arren haize hotza eta bortitza zebilen, kaleko giro bareak beste zerbait adierazten bazuen ere. Plaka zaharretako letra guztiak margotu zituen letra beltz distiratsuaz. Pintura gogortu egiten omen zitzaion pintzel puntan, aguro margotzen ez bazuen, haizearen eraginez.

Bestalde, aterpean garbiketa lanak amaitu zituen, eta plaka ipintzea bertzerik ez zen falta izango urriaren 13rako dena prest edukitzeko.

* Urriaren 9an, Errosario bixamonaren bixamona egunean, eguraldi eguztitsua baina hotza zela, Pedrok igaro zuen eguna Aloñan, lanean. Itxituraren barnekaldiari azken pintatze ukituak eman zizkion. Halaber, plakak estaltzeko ikurrinak erosi zituen bere emazteak. Ia dena prest zegoela zirudien.

* Urriaren 10ean aldamioak desmontatu eta jaitsi egin ziren. Goizeko zortzietan hasi eta arratsaldeko lauretarako kalean zegoen kamioia. Goiz partean lainotsu egon arren, eguerdi alderako eguzkiak bikain berotzen zituen bazterrak.

* Urriaren 12an, Fernando eta Jagoba goizean goizetik aritu ziren lanean ilunabarrerarte, dena garbiketan, aterpeko hormetako argazkiak eta sarrerako plaka ipintzen, gurutze inguruan garbitzen, eta hurrengo egunerako gauzak prestatzen. Eguerdian Andres igo zen, bazkaria eta lanabesekin, eta arratsaldean Pedro, hiruretarako, goizeko erreleboan seietatik ordubiak arte lana egin eta gero.
.
---------------

7.3- 2001ean IPINITAKO PLAKAK
7.3.1- Gurutzean
GURUTZE SANTUA
ZAINDU OÑATI
ORAIN ETA BETI
2001eko URTE SANTUA

7.3.2- Aterpean
Aloñako mendizaleek
auzolanean eraberritua
2001.10.13

7.3.3- Aterpea bedeinkatu aurreko bertsoak
Zeruari ta Jaungoikoari
egindako oparia
harkaitz artean ikus daiteke
gurutze miragarria
ehun urtez ase digu guztioi
fedearen egarria
opa diogu bizialdi bat
luzea eta handia
hau dugulako oñatiarron
fedearen zaindaria.
.....Ander Lizarralde

Misterioa nabarmentzen da
ikurrinaren atzean
ta horregatik bilduta gaude
txabola honen atean
zer mesedea egin diguten
berriro eraikitzean
alkatearen borondateaz
ikurrin hori kentzean
txoko eder bat irekiko da
Aloñaren bihotzean.
.....Joseba Lasagabaster
.
-----------